Carvalloren semeak

Alluitz mendiko hego mendebaldeko Horman, “Arista integral XXI bertsioa” inguruan, haitz oneko arteka sistema ezberdinak lotuz sortutako eskalada bidea da “Carvalloren semeak”. Arteka sistema tenteak zeharkatzen ditu eta tarteka, hauek lotu eta ibilbidea iraunkortzeko, plakatxoren bat edo beste hartzen du txapa bakan batzuk erabiliz.

Bideak Jose Luis Carvallori omenaldi txiki bat egin nahi dio. Askorentzat ezezaguna den eskalatzaile honek, urte luzeetan zehar eskalada garbiaren alde egindako ibilbideari balioa eman nahian.

“Carvalloren semeak XXI. mendeko bertsioa” izena eduki zezakeen bideak, baino ez du beharrik, 80. hamarkada bukaera geroztik, XXI mendeko bideak sortzen ari zen bere lagunekin.

Krokiseko irudian ikusi daiteke, tarteka, Arista integraleko zatiak erabiltzen dituela goruntz egiteko. Errespetuz zeharkatzen ditu zati hauek, inolako material finko edo gehigarririk jarri gabe alegia.

Bidea autobabesean oinarritzen da gehienbat, hortaz autobabesean eskarmentu apur bat eskatzen du, baina arestian esan bezala, jarraikortasun gutxiko horma baten jarraikortasuna bilatu nahian, plaka ezberdinak bilatzen ditu.

Luze gustagarriak ditu oro har bideak, baina azken biak igarotzean irrifartsu aterako gara mendiaren azken maldara.

Seigarren luzeko zeharkaldia bustita egon daiteke, baina ez da oso zaila eta haitzak forma, koska eta zulo dezente ematen du zati honetan.

Exposizio gradua rs2+ izan daitekeela uste dugu.

Gerturatzeko, Atxarteko aparkalekutik 40 bat minutu beharko ditugu, bide eroso eta gustagarri bat igaroz.

Jaisteko berriz, Alluitzeko bide normala erabiliko dugu, tentea eta deserosoa zati askotan.

Eskalada araututa dagoela ez ahaztu, Irailak 1 etik Abenduak 31ra eskalatu daiteke.