Monsieur Bidon

Berberanako orratzean 2007an Elias anaiek irekitako bide ederra dugu Monsieur Bidon. Txoko honetan orokorrean autobabesean oinarritzen diren bideak lehenesten ditugun arren, oraingoan material finko dezente duen proposamen batekin gatoz.

Aspaldian Berberanako orratz inguruan eskalatu gabe egon ostean, agerikoa da jendea igotzen dela. Bidea oso zapaldua dago eta hormaren eskuinaldean bide berrien arrastoak ikusten dira.

Ingurua bikaina eta basatia dela errepikatuko dugu lehenik eta aipatutako bideak orratzeko horma zatirik onena hartzen duela esango dugu bigarren ezaugarri bezala.

Haitz bikaina ia osotasunean lagun izango dugun arren, bideak baditu tentuz ibili beharreko bi zati puntual.

Lehen luzeko plaka bikain eta ikuskarriak material finko dezente duen arren, bide egokiena bilatzeko ezker eskuin mugitzea eskatzen du bereziki. Oso luzea denez, zati batzuk nornerak egokitasunez babestu behar ditu, baina beti ikusten da nondik nora jo behar den eta horrek asko laguntzen du.

Bigarrenak ere material finkoa erakusten du eta hasiera zail baten ondoren, egoki eskalatzea eta babestea eskatzen du.

Luze eskas batek, krokisean ageri den bileran jarriko gintuela uste genuen, baino guk behintzat ez genuen bilatu eta norberak muntatu beharko du azken luzearen azpian.

Azken luzeak ere ekipamentu finko asko du eta jarraitzeko erraza da. Itxuraz ematen duena baino askoz ederragoa dela iruditu zitzaigun eta gomendagarria dela ere esango genuke. Susanaren azken luzearekin alderatuz toki zailenetik doa baina eskalada pausu ederrak eta ezohikoak ditu.

Proposatzen dituen graduak kontuan izanda exposizio gradua ez da altua. Bigarren luzeak badu nahitaezko zati nabarmen bat eta orotara rs2 edo rs2+ izan daiteela uste dugu.

Gerturatzeko, Berberanatik goruntz ateratzen den pista jarraitu eta zeharka hastean goruntz, hormaruntz ireki zuten su-hesi bat hartu behar da eta ez pixkat lehenago dagoen bide zidor nabarmen bat.

Jaisteko, Susana bidetik rapelatuz. Gogoan izan, goiko bilera bat falta dela eta rapel luze bat egin beharra dagoela.

Bidea Susanarekin txandakatu ezkero, eskalada egun borobil bat izan daiteke, zarata eta errepideak nun dauden ahaztuz.