Kaskabelera

Udazkenarekin batera, debekualdia jasotzean, gure inguruko hormek lorealdi ederra jasotzen dute eskaladari dagokionez. Epemuga bete eta gero berriz, horma desberdinetan eskalatzea nekeza bihurtzen da. Zorionez, Atxarten badira erregulazioak debekatzen ez dituen horma desberdinak.

Kaskabelera bidea 1982an zabaldu zuten Zuazua, Tabernilla eta Zuloagak eta orain urte gutxi bertako kuadrilla batek eguneratu zuen. Egindako lana eta emaitza elkarbanatzea guztiz beharrezkoa iruditzen zaigu bide zaharrek bizirik jarrai dezaten eta esker ona erakustea ezinbestekoa gure partetik.

Kaskabelera bideak autobabeseko zati desberdinak eta txapekin babestutako plaka eder batzuk tartekatzen ditu. Orokorrean Atxarteko kalitatea mantentzen du eta gomendagarria dela esan genezake.

Labarbeltz izeneko horma Labargorri ezagunagoaren ondoan kokatzen da eta Hegoalde edo Hegoekialdera begira dago. Urte osoan eskalatu daiteke goizeko eguzkia edo arratsaldetako kerizpea bilatuz.

Lehenengo luzeak gogotik saiatzea eskatzen du graduz besteak baino apalagoa azaldu arren. Bidea nondik doan ongi irakurtzea eskatzen du eta autobabeserako tarteak eskainiko dizkigu.

Bigarrena bustita egoten da sarritan eta sartu aurretik ongi begiratzea komeni da.

Hirugarrenak Ae ko zati txiki bat hartzen du eta esan genezake eskalada aldetik denetik duela. Ae ko zatia oso zaila iruditu zitzaigun era askean egiteko, etorkizunean akaso…

Gerturatzeko, Eguzkiarrera igo eta kanteretako bidetik igo behar da. Oso bide kaotikoa da eta harrigarri samarra ere bai lehenengo aldian behinik behin.

Jaisteko, bertatik rapelatuz eta igoerako bide berbera zeharkatuz. Motxila barrenean utzi ezean, kontrako aldetik oinez jatsi dezakegu.

Exposizio nabarmenena lehenengo luzean izango dugu seguruenik, nahiz eta nahitaezko zati ugari eduki bide osoan zehar.